Donostiako Aquariuma
Donostiako Aquariuma Euskadin bisitari gehien jasotzen dituen ekipamenduetako bat da, urtean 300.000 lagunek bisitatzen baitute. Nahitaezko bisitaldia da Donostiara etortzen direnentzat. Hiriko tokirik bitxienetako batean dago, Donostiako kaian, eskaintza gastronomiko zabal eta askotarikoa duen Parte Zaharretik gertu, eta hirigunetik minutu gutxira.
Donostiako Aquariumaren eraikin enblematikoa 1928koa da, eta Gipuzkoako itsas ondarea zein itsasgintzakoa biltzen ditu bi solairutan. Bertan, nabarmentzekoa da euskal balea baten eskeleto handia, baita Kantauri itsasoa ardatz duten akuario ugari, 200 espezie baino gehiago biltzen dituztenak, eta 360ºko tunel ospetsua ere. Halaber, askotariko espezie tropikalak ikus daitezke.